9. Herri-administrazioen zerbitzuko langileak
1. Arloa kopurutan
Arartekoaren erakundeak 145 erreklamazio jaso ditu herri-administrazioaren zerbitzurako langileen arloan. Kopuru hori 2012. urtean jasotako kexa guztien %5,73 da.
Honako hauek dira ukituriko administrazioak:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra (Eusko Jaurlaritza).....91
– Tokiko administrazioa.....22
– Foru administrazioa.....9
– UPV/EHU.....3
Edukiari erreparatuta, azpiarlo hauen inguruko kexak izan dira:
– Funtzio publikoan sartzeko hautaketa-prozesuak.....35
– Ordezkapenak.....28
– Oporrak, lizentziak eta baimenak.....27
– Administrazioaren funtzionamendua eta administrazio prozedura.....17
– Beste alderdi batzuk.....9
– Lanpostuak betetzea.....8
– Ordainsariak.....7
– Herritarren eskubideak.....5
– Hizkuntz normalizazioa.....3
– Lanpostuen zerrenda.....3
– Laneko jazarpena.....1
– Diziplina-araubidea.....1
– Administrazio egoerak.....1
Urte honetan zehar kudeatu diren kexen (jasotakoak zein ebazteke egoteagatik horiei gaineratutakoak) izapide prozesuaren xehetasunei dagokienez, azpimarratzekoa da txosten hau idatzi den unean honako egoera honetan daudela:
Datu horien arabera, jasotako kexa-kopurua handitu dela azpimarratu behar dugu. Horietako gehienak, %65 inguru, sarbiderako hautapen prozedurei, ordezkapenei, lizentziei eta baimenei buruzko kontuak izan dira, eta bereziki lehenengoak nabarmendu dira, sarbide kontuei buruzkoak, %25 inguruko ehunekoa lortu dutenak. Administrazio orokorrak (Eusko Jaurlaritza) kexa gehienak hartzen jarraitzen du.
Oro har, salbuespen gutxi batzuk izan ezik, kexek ukituriko administrazioek jarrera ondo izan dute, eta behar izan duen laguntza eman dioten erakunde honi. Hala ere, hainbat kexa izapidetzeko beharrezkoa ez den atzerapena eragiten ari diren zenbait jarrera nakar ere antzeman ditugu. Hala gertatu da zenbait kasutan Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin.
2. Kexarik aipagarrienak
Enplegu publikoaren sektorean ere berdintasun printzipioaren irakurketa egon da eta, Espainiako Konstituzioaren 9.2. artikuluan xedatutakoari jarraiki, enplegu publikora sartzeko zailtasun bereziak dituzten taldeen aldeko diskriminazio positiboko neurriak hartu dira.
Talde horietan ezgaitasunen bat duten pertsonek osatutakoa azpimarratzekoa da. 2012. urte honetan arreta berezia eskaini diogu talde horri III. atalean azalduko ditugun hainbat jarduerekin.
Aurreko urteetako joera jarraituz, emakumeen sarbidea sustatzera bideratutako hainbat neurri positibo ere kexa-hizpide izan dira. Hala gertatu da, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiko su-itzalketa eta salbamenduko ofizialen lanpostuak betetzeko iragarritako hautapen-proben deialdian. Erreklamatzaileak, erakunde honen aldez aurreko adierazpenetan oinarrituta, kexan ahalegin handia egin zuen proba fisikoetarako ezarritako gutxieneko markak egokiak ez zirela argudiatzen saiatzeko. Era berean, langabezian zeuden pertsonak kontratatzeko onartutako enplegua sustatzeko programa positibotzat baloratzeko aukera izan dugu, izan ere, gizarte eta lan alorreko beste parametro batzuk gaineratzeaz gain (langabeziagatiko prestazioa ez jasotzea, etab.) hautagai emakumeen kontratazioa sustatu du.
Bestalde, ohikoa den moduan, hautapen prozesuen konfigurazioa eta kudeaketarekin loturiko kexak jaso ditugu. 2012. urtean bereziki aipagarria izan da Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) instrumentistak aukeratzeko iragarritako deialdiaren inguruan sustatutako kexa. Erakunde honen ustez, hautapen prozesu horien izapidetzean gerta daitezkeen eragozpenek (jakin badakigu bereziak direla) ezin dute eragin lanpostu horiek eskuratu nahi dituzten interesdunek merezi duten tratamendu berdintasuna urratzea. Zentzu horretan, orkestrari ohartarazi diogu merezimenduak baloratzeko aldez aurreko fase batek hautapen prozesua hutsaldu dezakeela, printzipioz interesdun guztien lehia askeko oposaketa irekiko sistema gisa konfiguratzen baita.
Eusko Legebiltzarreko langileen artean dauden atezain lanpostuak betetzeko iragarritako lehiaketa-oposaketa baten deialdiarekin loturiko kexa ere azpimarratu nahi dugu, aldez aurreko esperientziaren balorazioaren ingurukoa. Kasu horretan egin ditugun kudeaketen ondorioz epaimahaiaren erabakia babestu dugu, hau da, aldez aurreko esperientziaren inguruko merezimendu horren egiaztagiriak zuzentzen ez uztea.
Azkenik, EITB erakunde publikoaren 2010. urteko Lan Eskaintza Publikoaren esparruan ezarritako kexa aipatuko dugu. Erakunde honen esku-hartzeari esker epaimahaiak kontuan hartu zuen kexagilearen asmoa eta bere ariketa praktikoa berrikusi zuen horren kopia eskainiz. Erakunde honetatik, gainera, erakunde publikoaren arduradunari proposatu diogu deituko diren hurrengo hautapen prozesuetan epaimahai ebaluatzaileei jakinaraz diezaien proba bakoitza egin aurretik horiek zuzentzeko irizpideak berariaz zehaztu behar dituztela.
Jakina den moduan, 2012. urtean neurri garrantzitsuak hartu dira sektore publikoan langileen gastua geldiarazteko, besteak beste, aldi baterako langileen kontratazioa, aldi baterako estatutupeko langileen izendapena eta bitarteko funtzionarioena murriztu dira. Horren inguruan, interesgarritzat jo dugu neurri hori dela bide sortu diren hainbat ondorio azpimarratzea. Hala gertatu da, adibidez, udan zehar kirol eta aisialdi instalazioetan informazio, zaintza, etab. lanetara bideratutako langileen kontratazioarekin. Gasteizko Udalak aurreko enplegu publikoko eskaintzetatik lortutako aldi baterako kontratazio-poltsen bidez bete ohi zituen behar horiek. Neurri horiek ezarritako mugen ondorioz (kontratatzeko aukera lehentasuneko sektoreei edo oinarrizko zerbitzu publikoen funtzionamenduan eragiten duten sektoreei buruzko, ezohiko eta larrialdiko beharretara lotzen dute), udalak ohiko jardunbide hori alde batera utzi du eta kanpo-kontratazioaren formulara jo behar izan du zerbitzuen kontratu publikoaren irudiaren bidez.
Aldi baterako langileen atal horri dagokionez, aldi baterako kontratazio zerrendak burutzeko eta kudeatzeko Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2011ko maiatzaren 9ko Erabakiaren 4.1.2 b. ataleko bigarren paragrafoan ezarritako xedapenaren eragina pairatu duten pertsonek sustatutako hainbat kexa jaso ditugu. Agindu hori aplikatzean, enplegu eskaintza publikotik sortutako aldi baterako kontratazio-zerrendak osatuko dituzten pertsonen lehentasun ordena ezartzerakoan herri administrazio guztietan eskainitako zerbitzuak baloratzen diren arren, zerrenda horiek urtero eguneratzerakoan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan eskainitakoak bakarrik zenbatuko dira. Kexagileen arabera, erakunde publikoan eskainitako lan-esperientzia bakarrik eguneratzean, beste herri administrazio batzuetan zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalek erakunde publikoan antzeko funtzioak burutzen dituzten profesionalen lehentasuna pairatzen dute, arrazoizko justifikazio objektiborik ez duen desberdintasuna sortuz. Oraindik ere ez dugu horren inguruan mintzatzeko aukerarik izan, aipatu dugun moduan, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lankidetza falta dela-eta.
Sektore publikoan langileen gastua geldiarazteko hartutako neurrien inguruko lehen aipamen bat egin dugu jada. Erakunde honen aurrean aurkeztu dituzten kexen eragile izandako beste neurri batzuk abenduko aparteko ordainsaria kendu izana eta borondatezko erretiroagatiko primak aldi baterako etetea izan dira. Lehenengoei dagokienez, Espainiako Herriaren Defendatzailera bidaltzea erabaki dugu eta erakunde horrek kexetan proposatzen zen moduan konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoa sustatzea baztertu du.
Lizentzia eta baimenen atalari dagokionez, aurten gertutik jarraitu dugu EAEko Administrazio Orokorrak burututako kudeaketa minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme-alaba adingabea zaintzeko baimenaren inguruan. Arlo pribatuan lanaldiaren murrizketa %99,99ra heltzeko arazorik jartzen ez dituztela jakin izan dugu. Hala eta guztiz ere, aukera hori funtzio publikoko zenbait alderditan mahaigaineratzean, hala nola, irakaskuntzan, adostutako murrizketak, gutxienez eta modu eraginkorrean, funtzionarioak eskaintzen duen zerbitzua ematea ahalbidetu behar duela uste izan da. Horren ondorioz, hainbatetan, baimendutako murrizketak lanaldiaren bi herenak gainditu ezin dituela defendatu izan da. Hala eta guztiz ere, azkenik, Funtzio Publikoko Sailburuordetzak instrukzio berri bat eman du lanaldiaren %99 murritzeko aukera eskaintzeko adingabea ospitalera eramaten duten bakoitzean eta tratamenduaren fase kritikoan zehar.
Era berean, kexa gisa, lan esparruan gertatzen denarekin alderatuz, funtzio publikoaren esparruan legezko zaintza arrazoiengatik lanaldiaren murrizketaren irismen kuantitatiboa legez ezarri ez izana salatu izan da. Oinarrizko Estatutuaren isiltasunaren zein oraindik ere burutzeke dagoen Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legearen (horren 72.2. artikuluak legez zaintzeko arrazoiengatik lanaldiaren herena edo erdia gutxitzeko aukera besterik ez du jasotzen) erreformaren ondorioz , une honetan, lan baldintzen negoziazio esparruetan lortutako adostasunetara jo beharra dago murrizketarako eskubide horren irismen doi-doia zehaztu eta ezarri ahal izateko.
Hain zuzen ere, aurreko horri zuzenean lotuta, garrantzitsua iruditzen zaigu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren erakunde publikoan atxikitako langile baten kasua azpimarratzea. Bere erakundean ezarri den lanaldiaren murrizketaren ordutegiaren araubidean ezarritako irizpideekin ados ez zegoenez, guregana jo zuen irizpide horiek bere lana eta familia bateratzeko aukera eskaintzen ez diotela alegatuz. Kexa hori jorratzean “Familia, lana eta norberaren bizitza bateratzeko neurri gisa bideratzea lanaldia murrizteko eta moldatzeko edo aldatzeko eskaerak” abenduaren 28ko Arartekoaren 5/2010 Gomendio Orokorrean jasotako ondorioak mahaigaineratu ditugu.
Era berean, garrantzitsua iruditzen zaigu familia eta lana bateratzeko laguntzekiko interesa zuen langile baten kexa azpimarratzea. Kexagileak adierazi duenaren arabera, zaintza bere gain ez duen aita dibortziatua denez laguntza horietatik kanpo geratzen da. Erakunde honetan jakin badakigu ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak hobekuntza nabarmena eragin zuela aurreko araudiarekin alderatuz, zaintza partekatua gaineratu baitzuen eta, aurrekontu horri esker, gurasoek bateratzeko laguntzak jasotzeko aukera daukate. Hala ere, uste dugu azken xedapen horren erabateko eraginkortasunak araudiaren doikuntza berri bat eskatzen duela, diruz lagundu daitezkeen egoerak zabaltzen dituena eta bateratzea beharrezkoa dela egiaztatzen duten egoera guztiak barne hartzen dituena, hala nola, oporraldietan zaintza bere gain ez duen gurasoak seme-alabak zaindu behar dituenean –hitzarmen arautzaileak hala ezarri baitu–. Familia eta Komunitate Politikako zuzendariak gai horren inguruan azterlan bat burutzeko adierazitako konpromisoak hasitako esku-hartzeari amaiera emateko erabakia hartzera bultzatu gintuen. Hala eta guztiz ere, txosten honen burutzapena ixterako unean, aldaketarik gertatu ez dela eta kexa eragin zuen egoera mantentzen dela jakin izan dugu.
Beste kontu mota batzuk aztertzean aipatu behar dugu, zalantzarik gabe, 2012. urtean berritzailea izan dela Herrizaingo Sailak Aldi baterako Ezintasunen inguruan onartutako instrukzioari dagokionez aurkeztutako kexa, izaera pertsonaleko datuen babesaren alorreko araudira egokitzen ez dela uste izanagatik. Jakin izan dugu Datuak Babesteko Euskal Agentziak instrukzio horren edukiaren inguruko iritzia emateko aukera eduki duela eta adierazi duela Ertzaintzako kideen osasunari buruzko informazioaren exijentziaren inguruko gaitzespenak oinarrituak daudela. Kexa izapidetu bitartean, Herrizaingo Sailak, nahita sortutako anbiguotasunez, honako hau besterik ez du adierazi: “kontuan hartuko du, egokia balitz, gai horren inguruan aurrerago har ditzakeen jokabideetan”. Horren ondorioz, hasitako esku-hartzearekin jarraitu behar dugu.
Kexa bat sortu duen polizia esparruko beste instrukzio bat Ertzaintzaren irudi korporatiboari buruzkoa izan da. Kasu honetan, Herrizaingo Saileko arduradunek irudiari eta itxura pertsonalari dagokionez aurkeztutako eskaerak, eragindako batzuek arbitrariotzat eta diskriminatzailetzat jo zituztenak, justifikatu dituzte apaindura pertsonaleko elementuak zerbitzua eskaintzeko oztopo ez direla eta herritarrentzat edo agenteentzat arrisku fisikoa sortzen ez dutela argudiatuz.
Aipamen labur bat egin behar dugu Euskadiko Erizaintza Sindikatuak (SATSE) aurkeztutako kexaren inguruan. Bertan, hainbat osasun zerbitzuri, hala nola, aldez aurreko hitzorduari, osasun kontseiluari, etab. emandako publizitatearen edukia salatu zuten. Sindikatu horren ustez, publizitate horrekin lan-baldintzak arautzen dituen Akordioko Aukera berdintasunerako Batzordearen inguruan hartutako konpromisoak urratuko lirateke eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Planaren esparruan aztertu beharko litzateke. Kexa horrek, gainera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren lankidetza faltaren adibide berri bat azaltzeko aukera eskaintzen digu.
Dagoeneko amaitzeko, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarekin lan-kontratu baten bidez lotutako langile batek sustatutako kexa aipatu beharko genuke. Langile horrek, bateraezintasunagatiko eszedentzia eskatu izan arren, 2011-2012 ikasturtean ezin izan zuen liberatutako irakasle baten ordezkapena egin. Kexak hizpide zuen gaia aztertu ondoren lortu genituen ondorioak 2012ko azaroaren 15eko Arartekoaren Ebazpenean islatu dira. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langile batek eskatutako bateraezintasunagatiko eszedentziaren adierazpen bati buruzko kexa-espedientea amaitzen da.
Halaber, aurten laneko jazarpeneko salaketei buruzko gaietan bi ebazpen eman ditugula jasota utzi behar dugu (Arartekoaren ebazpena, 2012ko martxoaren 13koa. Horren bidez laneko arriskuen prebentzioa ez betetzeagatik jarritako salaketa bati buruzko jarduera amaitzen da. Arartekoaren ebazpena, 2012ko uztailaren 26koa. Horren bidez, Ertzaintzan ustezko laneko jazarpen kasu bat ikertzeko prozeduraren inguruko jarduera amaitutzat jo da).
Halako kontuetan burutu dugun lanaren ondorio gisa, berriro ere azpimarratu beharko genuke laneko jazarpeneko salaketak ikertzeko dagoeneko onartu diren ikerketa protokoloak edo prozedurak behar bezala izapidetzeak duen garrantzia.
3. Jarduera-planaren esparruko bestelako esku-hartzeak
Aurten, arlo horretan jarduteko planean finkatutako ildoei jarraiki, ezgaitasunen bat duten pertsona-taldean jarri dugu arreta berezia eta, zehazki, euskal herri administrazioek euren aldi baterako kontratazio-poltsak osatzen dituzten halako pertsonei eskaintzen dieten tratamenduan sakontzea erabaki dugu.
Horretarako, bi premisatik abiatu gara: lehenengoa, Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuak eta Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legeak, lan-eskaintza publikoetan ezgaitasunen bat dutenentzako lanpostuak nahitaez gordetzeko beharra erregulatzen duten arauak izanik, karrerako funtzionario edo langile finko bihurtzeko aukera bakarrik azaltzen dutela eta ez dutela inolako zehaztapenik ezarri ezgaitasunen bat duten pertsonak aldi baterako edo bitarteko langile izateko formulen inguruan; eta bigarrena, gure ustez, egoera horrek ez duela oztoporik jartzen formulak burutu daitezen administrazioak kontratatutako edo bitarteko izendatutako kopuru jakin bat talde horretako pertsonak izateko beharra ezartzeko.
Hain zuzen ere, aldi baterako lan-poltsak erregulatzen dituzten arauak, orokorrean, bi irizpideren arabera bakarrik zehazten dute euren kideen ordena: lan-eskaintza publikoetatik sortutako hautapen-prozesuen kalifikazioak eta administrazioan eskainitako zerbitzuak; baina, gure ustez, hautagaiak lanpostua betetzeko duen gaitasuna, Espainiako Konstituzioaren arabera funtzio publikorako sarbidea arautu behar duena, betiere bermatzen bada, ez dago arrazoirik hizpide dugun pertsona-taldeari aldi baterako lana eraginkortasunez bermatzen dioten bestelako formulak ez bilatzeko, bai horiei lanpostu jakin batzuk gordez, bai horiek hartuta lortu nahi den helburua lortzea errazten duen beste edozein neurri arbitratuz.
Helburu hori lortze aldera, hau da, ezgaitasunen bat duten pertsonek aldi baterako lanpostuak lortzeko dituzten aukerak handiagoak izan daitezen berariazko formulak burutzeko, eta horretarako gure autonomia erkidegoko administrazioek gaiaren inguruan duten egoeratik abiatu beharko ginatekeela kontuan hartuta, horietako batzuen laguntza eskatu genuen gutxienez honako datuak jasoko lituzkeen txostena helaraz ziezaguten: (1) auren erakundean aldi baterako zerbitzuak eskaintzen dituzten ezgaituen kopurua guztira eta kopuru horrek osatzen duen ehunekoa aldi baterako langile guztiekiko eta (2) euren erakundean ezgaitasunen bat duten pertsonak aldi baterako kontratatzeko poltsen kudeaketa erregulatzen duen araudian jasotako erreserba kupoen edo antzeko neurrien xehetasunak.
Txosten hau idatzi dugunean oraindik ere eskatutako informazio guztia jaso ez badugu ere, gaur arte erakunde honetan sartu dena aztertzean egiaztatu ahal izan dugu gaiaren inguruko berariazko araudirik ez egotea ez dela oztoporik izan euskal herri administrazio batzuek ezgaitasunen bat duten pertsonak lan publikora sar daitezen neurri positiboak ezarri ahal izateko; hori bai, asko harritu gaitu beste batzuek, zehazki aldi baterako langile kopururik handienak dituztenek, zentzu horretan aurreratu ez izanak.
Adibide gisa, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileak hautatzeari buruzko 2006ko maiatzaren 30eko Akordioak ez lan-poltsak eratzeko prozesura deitzeko Funtzio Publikoaren sailburuordearen 2006ko ekainaren 14ko Ebazpenak, ez dute inolako neurri positiborik jasotzen ezgaitasunen bat duten pertsonentzako.
Hori dela-eta, euskal herri administrazio guztiei, bereziki horren inguruan une honetan xedapenak ez dituztenei, lan publikorako sarbidea arautu behar duten printzipioak bermatuta, aldi baterako kontratazio-poltsak erregulatzen dituzten arauetan ezgaitasunen bat duten pertsonak euren ezaugarrietarako egokiak diren lanpostuetarako sarbidea errazten duten diskriminazio positiboko neurriak ezar ditzaten eskatu diegu.
4. Herritarren eskubideen egoeraren balorazioa
2012. urtean herri administrazioen zerbitzura dauden langileen alorrean jasotako kexa-kopurua handitu da. Hala eta guztiz ere, aldi baterako kontua dela uste dugu, ez dela arlo honetan aipatu beharreko inolako aldaketa nabarmenaren ondorio, izan ere, azaldutako kontuak, gehien bat, kexak sortu izan ohi dituzten gaiei buruzkoak izan dira.
Orokorrean, kexen eragina izan duten administrazioek laguntza eskaini izan diote erakunde honi, baina jokabide nakarren kasuak ere egon dira, horietako batzuk izapidetzea zaildu dutenak. Hala gertatu izan da, adibidez, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin.
Zalantzarik gabe, aurten azpimarratu beharreko kontua da sektore publikoko langileen gastua geldiarazteko neurrien ezarpena. Jakina den moduan, neurri murriztaileak ezarri dituzten arauzko xedapenak onartu dira. Neurri horiek ez dira ordainsariari buruzkoak bakarrik izan, hala nola, soldataren murrizketa, borondatezko erretiro primak etetea, pentsio-planetarako ekarpenak etetea... beste arlo batzuei buruzkoak ere egon dira, adibidez: langile berrien gaineratzea etetea, baimenen erregimena norberaren aukerako eta antzinakotasuneko egunen murrizketarekin homogeneizatzea, ordezkapen-kontratuak burutzeko hitzarmenak etetea, etab.
Neurri sorta hori herri administrazioen funtzionamendua hobetzeko eta uneko egoerara eraginkortasunez egokitzeko eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren kalitatea mantentzeko aukera eskainiko duen egitura-aldaketa gisa aurkeztu da. Hala ere, eztabaida juridiko handia sortu du, aurkako ikuspuntuekin, eta, azkenik, hainbat kasutan, Konstituzio Auzitegiaren aurrean konstituzio kontrakotasuneko errekurtsoak aurkeztea eragin du.
Beharbada, komunikabideetan oihartzun gehien izan duen eztabaida gatazkatsuenetako bat 2012ko abenduko aparteko ordainsaria eteteari buruzkoa izan da. Hala eta guztiz ere, azaldutako gatazkek beste ekimen batzuetan ere eragina izan dute, hala nola, pentsio-planetarako ekarpenak etetean edo hezkuntza arloko gastu publikoa arrazionalizatzean (irakastegunak, irakasleen ordezkapenak, etab.).
Ez dugu une honetan gizarte eta politika arlo guztietan nagusitu behar den ezinbesteko elkartasunaren printzipioa eskatuz nahitaezko neurri gisa aurkeztu diren neurri horien inguruko eztabaida piztu nahi. Hala ere, langile publikoek garatzen duten lan garrantzitsua baloratzeko unea dela uste dugu, horien laguntza ezinbestekoa baita kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko eta, hain zuzen ere horregatik, gure ustez saihestu behar den euspen-egoera honen ustezko arriskuen berri eman behar dugula uste dugu.
Zentzu horretan, erakunde honetatik berariazko oharra egin nahi dugu langile berriak barneratzeko ezarri diren mugek ez dezaten alde batera utzi enplegu publikoetara sartzeko zailtasun gehien dituzten taldeak babesteko ezinbestekoak diren diskriminazio positiboko neurrien aplikazioa. Izan ere, iritzi hori izanagatik, 2012an euskal herri administrazioei gomendatu diegu aldi baterako euren kontratazio poltsak erregulatzen dituzten arauetan diskriminazio positiboko neurriak ezar ditzaten ezgaitasunen bat duten pertsonek errazago eskura ditzaten euren ezaugarrietarako egokiak diren lanpostuak.
Era berean, gure ustez, sarbiderako hautapen prozesuen kudeaketan ahalik eta gardentasunik handiena bermatzeko eta bertan parte hartzen dutenak babesten dituzten bermeak zaintzeko kontu handia izan behar da. Inoiz baino gehiago lan publikoak eskuratu nahi dituzten herritarren erabateko aukera-berdintasuna bermatu beharra dago.
Familiak eta lanak ezarritako erantzukizunak bateratzeari buruzko eremuak ere euspen-egoera honen eragina paira dezake. Dagoeneko adierazi dugun moduan, 2012. urtean onartu diren neurrien artean, lizentzia eta baimenen araudiari buruzkoak daude (norberaren aukerako eta antzinakotasuneko egunak murriztea) eta argi dago langile publikoek arlo horiek bateratzeko dituzten aukeretan antzemango direla. Zentzu horretan, bereziki kezkagarria iruditzen zaigu zenbait bateratze beharri erantzuna emateko erabakigarriak diren baimenei eman dakiekeen tratamendua. Horixe da aurten kexak eragin dituzten hainbat baimenen kasua: minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme-alaba adingabea zaintzeko baimena, legezko zaintzagatiko lanaldiaren murrizketa, etab. Erakunde honen ustez, baimen horiek erantzuten saiatzen diren egoeren garrantzia eta larritasuna dela-eta (bertan norbere zaintzapean dauden adingabeen beharrezko arreta eta babesa bezalako betebeharrak arrisku handian egon daitezke), arreta berezia jarri behar dugu ustezko euspen-neurrien eragina ahalik eta txikiena izan dadin.